berria.info

 

Igandea, 2017ko otsailak 26a.


Sexu bereizkeria kirolean. Hou Yifan xakelari txinatarrak jarri du hizpidea: Zer dago bereizkeriaren atzean? Bi adituk egin dute gogoeta, Azurmendik eta Gonzalezek.


Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia


Xakean ere bai?

 

Ainhoa Azurmendi Etxegarai
– Avento enpresako kirol aholkularia eta EHUko irakaslea

ausnarketa interesgarria jarri dute egunotan mahai gainean Jon Tornerrek, bere Slump Doktorearen Zaintiratua blogean, eta Mikel Larreategik, horri egindako iruzkinetan. Auzia xakeko munduko emakumezko jokalari onenak, Hou Yifan txinatarrak, emakumeen aurka lehiatu nahi ez izateak sortu du. 

Tornerrek ondo biltzen ditu hainbat adituk eta kazetarik esandakoak; azaltzen du emakume eta gizonek banatuta jokatzeko arrazoien artean jaiotzako sexu biologikoak baino gehiago inguruko beste hainbat aldagaik izan dezaketen eragina dagoela. Besteak beste, genero sozializazioa, gizarteko rolen banaketa eta profesionalki aritzeko zailtasunak aipatzen ditu. Halaber, xakeko emakumezko jokalari gazte baten iritzia ekartzen du: Lehiaketetan sexu biak elkartzeak emakumeen desmotibazioa ekarriko luke.

Berriro ere emakume eta gizonen berdintasunaz aritzean mendez mende bizkar gainean daramagun zama azaleratu da: Jaiotzean marka sexualaz egindako interpretazioaren arabera bizitzan gaitasun fisiko ezberdinak izango ditugu emakume edo gizon izendatzen gaituzten arabera, eta, horren baitan ere, rol eta gustu ezberdinak izango ditugu. Hori guztia gure kode genetikoaren menpe omen dago. Eta horixe izan da historian zehar sexuen baitako kirol motak eta kirol partaidetza bereizteko argudio nagusia. Bestalde, badakigu jakin hezkidetza bermatuta ez dagoen testuinguruetan —tamalez, gehienetan—, garapen fisikoak eragindako balizko ezberdintasunak oraindik nabarmenak ez diren garaian, neska-mutilek kirola elkarrekin egiten dutenean neskek ez dutela mutilek adinako protagonismoa hartzen. Batzuen eta besteen jarrerak oso bestelakoak dira lidergoari, iniziatibari eta oldarkortasunari dagokionez; ondorioz, norbere gorputzaren jabekuntza, kirolarekiko motibazioa, talde-pertenentzia sentimendua eta gozamena ezberdina izaten da sexu batean eta bestean. Horrek izugarrizko eragina du kirol jarduerarekiko garatzen den atxikidura mailarekin.

Zer gertatzen da, bada, xakean? Gorputz osoaren mugimenduak baino garunak garrantzi handiagoa duen kirolean zergatik emakumeak eta gizonak banatu lehiatzeko orduan? Gizarteko beste eremu eta kirol arloko beste modalitate gehienetan gertatzen den moduan, ez dagoelako berdintasuna; emakumeek ez dituztelako aukera berdinak xakean ikasteko eta jokalari trebeak izateko; ez eta txapelketak irabazteko ere. Eta kontrakoa pentsatzeak etengabe historian zehar gertatu diren desberdintasunak behin eta berriz errepikatzera eramango gaitu. Eta zer gertatzen zaio Hou Yifani? Psikologia sozialean aski ezaguna den Queen Bee Syndromea —erle erreginaren sindromea— duela, hau da, pentsatzen duela bera merituz iritsi den lekura beste emakumeak ez badira iristen hain onak ez izateagatik ez direla iritsiko, eta, beraz, hor konpon. Haiekin jokatzeak bere maila gutxitzea ekartzen du, eta ez zaio zilegi iruditzen. Ikuspegi indibidualista eta erredukzionista, alabaina, ulertzekoa baita ere, ikuspegi berekoi batetik, norbere kirol ibilbidean etorkizuneko aukera onenak aprobetxatu nahi direnean. Dena den, ezin ahatz daiteke gure gizartea oraindik ere matxista dela, eta jarrera eta jokabide sexistak han eta hemen nabari direla, baita kirolean ere.

Hortaz, xake munduan emakumeen partaidetza sustatu nahi bada, ezinbestekoa da txiki-txikitatik neska zein mutilen interesa pizten saiatzea; eta behar denean sexu biek banatuta jokatzea, eta egoki ikusten denean elkarrekin jokatzea. Baina horretarako ezinbestekoa da hausnarketa egitea eta planteamenduak etengabe berrikustea.

 

http://www.berria.eus/paperekoa/2271/025/2273/2017-02-26/xakean_ere_bai.htm


Hou Yifanen kasketa

 


– Olatz Gonzalez Abrisketa
– Antropologoa eta EHUko irakaslea

 

Hou Yifan xakelariak nahita galdu zuen Gibraltarko Tradewise torneoaren azken txandan, protesta gisa, txapelketa horretan zozketaz —epaileek eta antolatzaileek diotenez— egokitu zaizkion kontrarioengatik kexatzeko. Houk —emakumea bera— susmoa zuen manipulazioren bat izan zela, hamar txandetan zazpi emakumeren kontra aritzea tokatu baitzitzaion, nahiz eta parte hartzaile guztien %20 baino gutxiago izan andreak. Aditu ez garenoi ez digute aski informazio eman kontu horri buruz, zeren, bikoteak nola aukeratzen dituzten azaldu badigute ere, ez baitugu ulertzen zer eragin duen sistema horrek torneoaren azken emaitzan eta munduko sailkapenean. Horrekin, pentsarazten digute Hourena ez zela izan kasketa hutsa besterik. Gertatu denak badu garrantzirik inondik ere, eta, gainera, hedabide eta analistek ez ikusia egin diote zeharo, baina, ñabardura teknikoak alde batera utzita, Houren protestak agerian utzi du zer-nolako genero desoreka dagoen xakean. Munduko sailkapenean goren dagoen emakumea da bera, eta, gaur egun, 105. postuan dago.

Gaia serio samar aztertu dutenek diote bi arrazoi daudela horren atzean. Alde batetik, estatistika: Bi talderen parte hartzearen aldea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta aukera handiagoa dago kalitate handieneko norbanakoak talderik ugarienekoak izan daitezen; beraz, xakeko parte-hartze tasek azalduko lukete gizonen eta emakumeen arrakastaren artean nabari den aldearen %96. Baina, bestalde, kontu psikologikoa dago. Zenbait azterlanen arabera, emakumeek huts gehiago egiten dituzte gizonen kontra ari direnean, beste andre batzuen kontra ari direnean baino —halaxe gertatzen da beste egoera batzuetan ere, menderatze harremana duten taldeetako gizabanakoak aurrez aurre jartzen direnean—. 'Estereotipoaren mehatxuaren teoria' delakoak honela dio: Norbait beldurrez badago bere taldearen estereotipo bat beteko ote duen, orduan joera izango du okerrago jarduteko.

Dudarik gabe, jendeak etengabe elikatzen du xakean emakumeak gizonak baino okerragoak direlako estereotipoa; zenbaitetan, baita xakelariek berek ere. Duela urtebete pasatxo, adibidez, Nigel Short sailkapeneko 65.ak esan zuen andreek besterik gabe ez dutela bururik xakean aritzeko. Salbuespentzat hartu beharko dugu, bada, Judit Polgar, zeren berdindu ez zuten 11 alditatik zortzi aldiz irabazi baitzion Shorti berari. Shortek hiru aldiz baino ezin izan zion irabazi. Halaber, salbuespen gisa hartu beharko dugu Dronavalli Harika ere, zeina erraz gailendu berri baitzaio Short ingelesari Gibraltarko torneoan. Txapelketa horretan, egiaz, emakume ugarik irabazi diete beraiek baino gorago sailkatuta dauden gizonei, baina, beharbada —edo beharbada ez—, Hou Yifanen protestak itzal egin die horiei guztiei.

Estereotipoak alde batera utzita, eta bikoteak hautatzeko sistemak sailkapen orokorrei nola eragiten dien ez dakigula oraindik, Yifanen haserreak gauza bakarra utzi digu argi: Bera existitzen dela. Munduko xake lizentzia guztien %5 baino gutxiago dira emakumeenak, eta, zain geratzen bagara ea neskatilek noiz aurkituko erreferenterik, gogoa izan dezaten xakeko eta beste kirol batzuetako giro hipermaskulinizatuetan sartzeko, orduan ez dirudi zifra horiek hobera egingo dutenik. Lizentzietan aski parekidetasunik ez duten kirol klubei diru laguntzak kentze hutsak alda dezake egoera. Halaxe ikusiko genituzke entrenatzaileak eta federazioetako agintariak nesken parte hartzea bene-benetan sustatzen: Komeniko bailitzaieke, komeniko litzaiekeenez. Gainera, horrela, ikusiko genuke neskei izugarri gustatzen zaiela jokatzen pilota, futbola edota xakea.


( Erredakzioan itzulia )

http://www.berria.eus/paperekoa/2267/025/2273/2017-02-26/hou_yifanen_kasketa.htm